Ruta :: Saibira Atxartetik

rating

Saibira Atxartetik

Ibilbide honek Urkiolako Parke Naturalera hurbilduko gaitu, Saibi mendira, hain zuzen ere. Atxartetik Txakurzulora igotzeko hartutako bidea oso gogorra da eta aproposagoa da jaisteko igotzeko baino (maila oso altua eduki behar da bizikletatik jaitsi gabe igotzeko). Bestalde, Saibitik Mañarirako jaitsiera oso teknikoa da eta badago beste aukeraren bat kilometro gehiago eginez gero, adibidez, Errialtabaso eta Leungane bitartetik.

 

Durangoko Ibaizabal Ikastolatik abiatuko gara. Ibaizabal atzean utzita eta Tabirako San Pedro ermita behin gurutzatuta, eskumatara hartuko dugu bide aldapatsu batetik.Bide hau mahasti batzuen ondotik doa.

 

Porlanezko pista horri jarraituz, Santikurutz ermita ondotik pasatuko gara (1,9 Km). Untzilla erdiko auzora iristean (2,6 Km), Santikularrako antenetatik datorren bidearekin bat egingo dugu. Hortik Atxarteraino dena da beherantz. Aurrerago, baserri batzuetara helduko gara (Mendiolara, 4,1 Km). Hor, eskumatara dagoen bidexka tekniko batetik sartuko gara eta Atxartera jaitsi.

 

Atxarten, lehenengo aldapa gogorraren ondoren (5,3 Km), pista nagusia utzi eta eskumatara dagoen harrizko pista hartuko dugu. 7. Km-raino dena da gorantz eta teknikoa. Errepidera irten gabe (7 Km), ezkerreko pistatik gora egingo dugu, Txakurzulorantz.

 

Txakurzulon (7,4 Km), errepidera irten beharrean, gorantz egingo dugu zuzen, Urkiolarantz. Bide hori ere oso teknikoa da eta bizikleta gainean igotzeko oso zaila. Urkiolan (8,2 Km), BI-623 errepidea gurutzatuko dugu eta Saibirantz abiatuko gara. 8,5. Km-an eskumako pistatik joko dugu Saibirantz (seinalaturik dago). Pista hori 9,8. Km-a egin arte jarraituko dugu.

 

Hor, ezkerretara dagoen pista zabalagoa hartuko dugu. (Zuzen jarraituz gero, pista
teknikotik Saibira helduko ginateke 5 minututan). Ibilbidearen lekurik altuenean gaude (847 m). Hortik Durangorainoko zatiak beheranzko joera izango du. 9,8. Km-an ezkerreko pistatik joko dugu eta 12. Km-an eskumakotik. Kontuz, 13,5. Km-ra iritsi orduko eskumatara hartu beharko dugu Mañarirantz (zuzen jarraituz gero Leunganerantz joango ginateke, baina oinezkoentzako bidea baino ez denez, itzuli egin beharko ginateke).

 

Beraz, 13,5. Km-tik ia 17. Km-ra pista tekniko batetik jaitsiko gara Urkulu erdikoa eta goikoa arte. Pista oso polita da eta paisaia ere zoragarria; hala ere, pare bat zati oso teknikoak dira eta, beharbada, bizikletatik jaitsi beharko gara. 17. Km-an BI-4336 errepidea hartuko dugu eta Mañarian (19,6 Km) BI-623 errepidea hartuko dugu Durangorantz. Izurtzan, behin gasolindegia pasatuta, BI-623 errepidea utziko dugu 21,5. Km-an eta errekaren beste aldera, eskumatara, pasatuko gara baso polit bat gurutzatuz.

 

22,3. Km-an berriro ere BI-623 errepidera bueltako gara Durangora iristeko.

Oharra: Irteera zail samarra fisikoki nahiz teknikoki. Atxartetik Txakurzulorako igoera oso gogorra da, eta egokiagoa da jaisteko. Gainera, Saibitik Mañarirako jaitsiera oso teknikoa da. Ibilbide hau ez dago seinaleztatuta.

24,93 km 2 h eta 30 min 837 m Oso gogorra
Jaitsitakoak: pdf kml