Ruta :: Baso Artean

BTT Ibilbidea: Baso Artean
rating

Baso Artean

Ibilbide honen ezaugarri nagusia basoak zeharkatzen dituela da. Beraz, BTTa atsegin dutenentzat interesgarriagoa da (lokatza, putzuak,…).

 

Durangoko Madalena plazatik Frantzisko Ibarra kaletik behera, N-634 errepidea gurutzatuko dugu Iurretarantz. Ondoren BI-3341 errepidea hartuko dugu Goiurirantz, baina Iurretako hilerrira iristean, behealdeko eskumako pista hartuko dugu. Ondoren, zuzen jarraitu eta pinudi batera iritsiko gara. Bertan beste bidegurutze bat topatuko dugu, eskumatara hartuko dugu, beti ere, porlanezko pista bati jarraituz. Pinudiko malda gogorra da.

 

Pinudia zeharkatu ostean baserri batzuk daude, ezkerretara egin eta San Juan ermitara helduko gara. Bertan ura edateko aprobetxa dezakegu, ibilbidean ez baitugu iturri asko topatuko.

 

San Juanetik gorantz hartuko dugu eta BI-3341 errepidera iristean, ezkerrerantz joko dugu, Goiurirantz. 900 m egin eta gero, Oiz mendirantz doan porlanezko bidea hartuko dugu eta, 8,8 Km betetzeaz batera, Forestalera iritsiko gara. Hor, Oiz mendira daraman pista utzi eta ezkerreko pistatik behera hartuko dugu.

 

Ondorengo bidegurutzean, eskumako pistatik egingo dugu aurrera. Ondorengo 3 Km-etan, 12. a bete arte, ez dago galtzerik. Pista honetan putzu asko topa ditzakegu eta ibilbide gorabeheratsua da. 12. Km-a betetzen dugunean, ezkerreko pista hartuko dugu beherantz. 12,7 egitean kontuz, ezkerrerantz hartuko dugu, 13,4.a arte. Bihurgunean ezkerretara hartu, jarraian pista utzi eta eskumatara egingo dugu pinu artean (hau lasterbide tekniko polita da). Maumeko baserri batera iritsiko gara eta, haren parean, ezkerretara dagoen bidetxo batetik gora egingo dugu. Ate bi zabaldu ondoren, Maumeko atarirantz gorantz egingo dugu. Maumeko Atarian (14,6 Km), eskumako pista hartuko dugu, eta 15,3. Km-an, berriz ere eskumatara egingo dugu pista zabalagotik Oromiñorantz.

 

19.km-an, Muniketara doan BI-3332 errepidea topatuko dugu eta ezkerretara hartuko dugu, beherantz. Arriandiko industria-gunea pasatu ondoren, Durangorantz abiatuko gara bidegorritik.

Oharra: Ibilbide luzea izan ez arren, oso gogorra da bai fisikoki bai teknikoki. Euria denean, putzu ugari egiten dira bidean. Ez dago seinaleztatuta.

24,46 km 2 ordu 734 m Gogorra
Jaitsitakoak: pdf kml trk