Ruta :: Kofradien Bidea

rating

Kofradien Bidea

Oso ibilbide polita da Oiz eta Mugarra aldetik gabiltzalako. BTT zale amorratuentzat aproposa.

 

Durangoko Madalena plazatik abiatuko gara, Frantzizko Ibarra kalea zeharkatu eta N-634 gurutzatuko dugu Iurretarantz. Behin errepidea gurutzatuta, BI-3341 errepidea hartuko dugu Goiurirantz. Goiuria auzoa atzean utzita, ibilbidearen 5,5 Km-an Forestalera eramango gaituen pista aldapatsua hartuko dugu ezkerretara Forestaleraino.

 

Hor, Oizko errepidea hartuko dugu 9,5. Km-raino eta, hor, bide nagusia utzi eta ezkerretara dagoen pistatxo bat hartuko dugu, Maumeko atarirantz eramango gintuzkeena. Hori utzita, ezkerretara dagoen pista estua hartuko dugu; zati hau nahiko teknikoa da. Ondorengo bidegurutzean, ezkerrerantz, gorantz hartuko dugu eta bi kilometro eta erdian gorabeherak izango ditugu. Ezkerretara eta eskumatara dauden pistak alde batera utziz, zuzen jarraituko dugu ia 12. Km-a bete arte. 12.etik 16,5. Km-ra, Laixiarrera iritsi arte, aukera desberdinak edukiko ditugu.

 

Laixiarretik pista bat hartuko dugu, berriro ere, BI-3341 errepidera eramango gaituena; pista honek hasieran beheranzko joera badu ere, gorabehera asko ditu. BI-3341 errepidea hartzen dugunean, 300 m-ra eskumatara dagoen pista hartuko dugu; lokatz eta putzu asko aurki ditzakegu. Hurrengo bidegurutzean, ezkerretara egingo dugu harrizko aldapa gogor eta labainkor batetik. Aldapa igotakoan, hurrengo bidegurutzean eskumatik abiatuko gara jaitsiera batetik. Jaitsitakoan, berriz ere, eskumatara hartuko dugu. Zuzen jarraitu hurrengo bidegurutzeraino.Hurrengoan, ezkerretara joko dugu; jaitsiera arriskutsu samarra da. Erdi aldera aldapa gogor bat dago, neguan lokatz askorekin igotzeko zaila.

 

Aurrerantz jarraituta Bakixa auzora iritsiko gara. Hor, 23,5. Km-an, baserriak ezkerretara utziko ditugu eta asfaltozko bidea hartuko dugu Muniketarako bidera iritsi arte. Gero, eskumatara egingo dugu, BI-3332 errepidera. Jarraian, 24,9. Km-an, 200 m ingurura ezkerretara hartuko dugu (kontuz errepidea zeharkatzean).

 

Pista estu batean sartuko gara (kontuz txakurrekin), berriz ere, N-634 errepidera iritsi
arte. A-8 autopistaren azpitik pasatu eta, jarraian, N-634 errepidea hartuko dugu Zornotzarantz, baina segituan, 26. Km-an, 200 m-ra gutxi gorabehera, ezkerrerantz hartuko dugu, Bernabeiti auzora joateko (kontuz errepidea zeharkatzean). Trenbidea pasatuko dugu eta bidegurutzean ezkerretara. Aurrera egingo dugu ezkerrean erreka dugularik. Hurrengo bidegurutzean, berriz ere, ezkerretara hartuko dugu eta errekatxo baten gainetik igaroko gara.

 

Kontuz 27,4. Km-an gutxi gorabehera, hiru pista estu topatuko ditugu-eta. Guk erdikoari jarraituko diogu (ezkerrekoa oso aldapatsua da eta eskumakoak urrundu egiten gaitu). Hortik, 27,4. Km-tik ia 29. Km-ra dena gorantz da eta nahiko bide teknikoa topatuko dugu. Gibelatik gora, azkenengo 700 m-ak, harrizko bidetik egingo ditugu, eta eskertzen da. 29. Km-an Marmoladarantz hartuko dugu, baina Landa Ederrara heldu aurretik, 500 m aurrerago, 29,5. km-an, ezkerreko pistatik joko dugu Santa Luziarantz. Santa Luzia pasa eta, 32,9. Km-an, pista nagusi hau utzi eta ezkerretara dagoen pistatxoa hartuko dugu (San Andres ermitara heldu baino lehenago).

 

Dena behera eta zuzen egin ondoren, Orozketara doan BI-4331 errepidera irtengo gara. Hor eskumatara, beherantz, hartuko dugu eta, Santa Apolonia ermita ondotik pasatuta, Durangora iritsiko gara.

Oharra: Gogorra maila teknikoan nahiz fisikoan. Beharbada putzuak, lokatza eta bestelakoak egon daitezke bidean. Ibilbide hau ez dago seinaleztatuta.

40 km 4 ordu 1036 m Oso gogorra
Jaitsitakoak: pdf kml trk