Ruta :: Anboto Inguratzen

rating

Anboto Inguratzen

Anboto inguratuko dugu Urkiolako Parke Naturaletik barrena, mendiaz gertu gertutik gozatzeko aukera ematen digu-eta.

 

Durangoko Andra Mari Basilikatik abiatuta Ibaizabal Ikastolaraino joango gara. Hor, Ikastola atzean utziz, aldapa gogor bat igoko dugu Artazola auzorantz. Jarraian (2,2 Km), eskumatara hartuko dugu BI-632arekin paralelo doan bide estu batetik.

 

Abadiñoko txaletetara helduko gara eta, horiek goialdetik zeharkatu, lantegi batera (3,8 Km) iritsi eta gorantz hartuko dugu erromatar bidetik. Horri jarraituz, Mendiolako bidea (4,5 Km) topatuko dugu. Hor, eskumatara, gorantz hartuko dugu eta Mendiolara iristean, aurrera egingo dugu; ezkerretara utziko dugu Sagasta auzorantz doan bidea. Gutxira, Atxarteko harrobietara iritsiko gara (7,2 Km).

 

Zuzen garamatzan pista hartu, bertatik zubi bat pasatu eta malda laburra bezain gogorra igoko dugu. Jarraian, aldapa txikia duen baso-pista batean sartuko gara, baserri batera daraman pista eskumatara utziz. Ondoren, eskumatara bihurgunea dago eta ezkerretara baserri bi. Maldak pixkanaka gogortzen doaz eta ezkerretara utziko dugu Asuntzara (Pol-Pol) zuzenean garamatzan bidea. Igoera, 180º dituen bihurgune batean amaitzen da, 10,5. Km-an, gutxi gorabehera. Azken malda horretan iturri bat dago. Hortik aurrera zati erosoa da eta Anboto, Alluitz eta Aitxiki mendien bistak ikusteko aukera paregabea izango dugu.

 

Txakurzulora helduko gara (12,8 Km) eta BI-623 errepidea hartuko dugu, Urkiolako
mendatera igoko gaituena. Bertara heltzean (14 Km) errepide nagusia utzi eta ezkerreko bidea hartuko dugu. Eskumatara Santutegia ikusiko dugu eta ezkerretara aterpetxea eta iturri bat. Aparkalekua ezkerretara utzita, gorantz doan pistatik segituko dugu.  Asuntzako (Pol-Pol) landetara iritsiko gara, bertan (17,8 Km) iturri bat dago burdin ura dariola. Zuzen jarraitu, Anbotoko mendilerroa ezkerretara utzita, 500 m-ra gutxi gorabehera, igoera gogor baten ostean, bidegurutze batera iritsiko gara. Eskumatara doan bidea hartuko dugu Zabalandirantz. Ezkerretara Anbotora igotzeko bide-seinalea ikusiko dugu. Zabalandiko zelaira heltzean (20 Km), aurrera jarraituko dugu zuzen, Betsaideranzko jaitsiera luze bat hasiz. Informazio karteletara heltzean, aurrera egingo dugu Tellamendirantz, hau da, pista beretik jaisten jarraituko dugu.Laster, zelai txiki batera helduko gara eta harri txikerrak dituen bidetik jaitsiko gara, zuzen. Seinaleztatu gabeko bidegurutze batera iristean, ezkerreko goranzko bidea hartuko dugu (22,2 Km). Gure ezkerretara etxola bat eta bi bide utziko ditugu eta aurrera jarraitu.

 

Landa batera iristean, aurrera eginez, ezkerreko bidexkatik joango gara (23,2 Km). Baso batera helduko gara; oso bide polita aurkituko dugu zorua harri, hosto eta sustraiekin. Horri jarraituz, aterpe batera iritsiko gara eta ezkerrean utziko dugu. 25,5. Km-an, gutxi gorabehera, bidegurutze bat aurkituko dugu hiru aukerekin, guk erdikotik hartuko dugu, Betsaiderantz. Hortik, Betsaidera helduko gara (26,9 Km), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa elkartzen diren lekura, hain zuzen ere. Bertan, ezkerretik doan bideari jarraituko diogu. Aurrerago (28,6 Km), ezkerreko bidea hartuko dugu, bestela Elorrion agertuko ginateke. Bide horretatik, jaitsiera luze baten ondoren, BI-4332 errepidera iritsiko gara. Eskumatara eginez, Apatamonasteriora iritsiko gara. Bertan BI-632 errepidean, ezkerretara hartu eta Durangora iritsiko gara.

Oharra: Oso gogorra da bai teknikoki bai fisikoki. Hala ere, zaila izan arren, Durangaldean zehar dagoen ibilbiderik ederrenetarikoa da. Ez dago seinaleztatuta. Ibilbide honek guretzat mitikoa den Anboto mendira hurbiltzen gaitu.

41,37 km 3 h eta 15 min 1085 m Oso gogorra
Jaitsitakoak: pdf kml trk