Tontorretako Ikuspegia

Tontorretako Ikuspegia
Oinezko ibilbidea: Tontorretako Ikuspegia
rating

Tontorretako Ikuspegia

Ibilbidea Tabirako San Pedro elizako parkean hasten da. Ezkerraldera jo eta Mañaria erreka gurutzatuko dugu.


Zubia igaro eta eskuinalderantz hartuko dugu, aldapan gora. Bidearen eskuinaldean baserri bat ikusiko dugu, eta apur bat aurrerago, eskuinaldera, porlanezko bide bat. Horixe hartuko dugu.
Aldapa osoa igotakoan, bidegurutze batera helduko gara. Bertan harri-txintxarrezko bidea hartuko dugu. Hurrengo gurutzean, eskuinaldera hartuko dugu, bide asfaltatuan gora.


Hemendik lasterrera, ikuspegi zoragarria dago: Untzillatx, Astxiki, Alluitz, Anboto… Bidea jarraituta Larringan errotara helduko gara. Bertan, asfaltoa ezkerretara utzi eta errota aurretik igarotzen den belarrezko bidezidorra hartuko dugu.


Larre berdeak, zuhaixkak eta pinudiak zeharkatuko ditugu beheranzko bidean. Halako batean, asfaltozko bihurgune batera helduko gara. Asfaltozko bidea jarraituko dugu Auzunera heldu arte. Bidearen eskuinaldean harraska bat ikusiko dugu, eta harraska ondoan bidexka bat. Horixe hartuko dugu: Betiko baserritik Atxartera eramango gaituen bidexka.


Bidexka amaitu eta Atxarteko igarobidean sartuko gara, Untzillatx eta Astxiki artean. Atxarteko Kristoaren ermita igaroko dugu, gero erreka gaineko zubi bat: Alboan ur-errota baten aztarnak ikus daitezke. Porlanezko bidean gora jarraituko dugu, eta aparkalekua dagoen tokian, ezkerrerantz hartuko dugu, bidexka baten pendizetan gora. Pagadi bat igaro ostean, Guenzelai izeneko lautadara helduko gara. Guenzalaitik ezkerrera hartuta Artolarako bide malkartsua dago, eta handik Astxikira (ezkerretara) edo Alluitzera (eskumara) joan daiteke. Gu, ostera, beste bidetik hartuko dugu, haitz-magalen paretik doana: Pol-Pol-erako bidea.


Bide erdian, Amilla iturria dago, pagadi eder bat erdian hain zuzen. Aurrera eginez, beste pagadi batera helduko gara, eta han hasten da Pol-Pol-erako aldaparik gogorrenak. Izerdi apur bat bota ostean, Asuntzeko larretara iritsiko gara, Pol-Pol-era.

 

Larrearen erdian metal-ureko iturri eder bat dago. Pol-Pol-etik abiatuta inguruko beste paraje eder batzuk ere bisitatu ahal ditugu: Larrano, Anboto edo Urkiolagirre. Bestela, Urkiolako Santutegira daraman pista hartu ahal da.

Oharra: Ibilbide hau ez dago seinaleztatuta.

13 km 3h eta 30 min 700 m Tartekoa
Jaitsitakoak: pdf pdf
Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.
Ibilbidea
Interesatuko zaizulakoan