Kurutziaga

Kurutziaga
Kurutziaga
Kurutziaga
rating
bag

Kurutziaga

Kurutziaga errebal eguzkitsuenetako izan zen, eta ondorioz, baita asentamendu handienak izan zituena ere.

 

Kurutziaga edo Kristo portalearen inguruan sortu zen, baina ez da sarbide horretatik deus gelditzen, XIX. mendean eraitsi baitzuten.

 

Kale bukaeran dagoen bidegurutzea Gipuzkoarantz joateko antzinako bidea zen.

 

Kale horretan dago Kurutzesantu Museoa, Kurutziagako gurutzearen gordeleku eta babeslekua, baina horrez gain, badaude beste elementu interesgarri batzuk ere, gure iraganaren hainbat arrasto, adibidez, Jesuiten eliza, iturri monumentala, Garai jauregia, Olalde jauregia, Goroztiza jauregia eta Kurutziagako etxeak.

Jesuiten eliza

Eliza neogotikoa da, 1904koa. Manuel María Smith eta Marcelino Arrupe arkitektoen lana da.

1937ko bonbardaketan haren barnealdea suntsitu zen, eta geroago, berriztatu egin zuten gerra zibileko kalteak konpontzeko.

Eraikinaren diseinua Erdi Aro-berrikoa da, eta multzo batean biltzen ditu eliza, egoitza eta ikastegia. Espazio horretan, dorrea eta orratza dira konposizio simetrikoaren ardatza.

 

Kurutziagako iturri monumentala

Ura ekarri zutela-eta, 1862an eraiki zuten. Haren diseinua Pedro José Astarbe durangarrarena da.

Durangoko txoko horretan, mendeetan egon izan da plaza irregular bat, eta hantxe ospatzen zituzten bai abereen azokak, bai jaietako zezenketak.

 

Garai Jauregia

1895ean eraikin zuen Justo Garayk, eltzetegi zahar bat erori ondoren. Arkitektoa, baina, Pedro José Astarbe izan zen. Frantziako estilo neobarrokoa hartu zuen eredu. Arbelezko teilatua, mantsarda ugariak eta erraboil formako kupulaz errematatutako dorrea dira jauregi horren bereizgarriak.

Eraikinaren ezkerraldean, garai bereko arkitekturaren beste adibide bat dago, baina material xumeagoekin egina eta harlanduz estalia. Etxe horretan oraindik hauteman daitezke gerra zibileko bonbardaketan metrailak utzitako aztarnak.

 

Olalde jauregia

XVII. mende erdialdekoa da, eta bizitegirako arkitektura barrokoaren adibide azpimarragarria da, fatxadan armarria duena. Oraintsu berriztatu eta hainbat etxebizitzatan banatu zuten.

 

Gorostiza jauregia

Jauregitxo neobarrokoa da, Parisko eskolan oinarritua. 1894an eraiki zuten, eta gaur egun, Ertzainetxea da.

 

Kurutziagako etxeak

XVIII. eta XIX. mendeetan aurretik zeuden eraikinak ordeztu zituzten hainbat etxe biltzen dira kale horretan. Horren adibide da 48.ean dagoena, 1860koa eta estilo neoklasiko berantiarrekoa; 42.ekoa, bestetik, 1740an eraiki zuten, estilo barrokoan; eta azkenik, 30.a eta 36.a XIX. mendeko 40ko hamarkadan eraiki zituzten, estilo neoklasikoan.

Callejero