Durangaldeko Ikuspegia

Durangaldeko Ikuspegia
BTT Ibilbidea: Durangaldeko ikuspegia
rating

Durangaldeko Ikuspegia

Oso ibilbide polita da Anboto eta Mugarra ingurura hurbiltzen gaituelako. Satikularreko antenetara igotzean, handik goitik, zoragarria da Durangaldeko bailararen ikuspegia.

 

Durangotik irtengo gara. San Roke kaletik BI-623 errepidearen azpitik pasatuko dugu eta, lehenengo bidegurutzean, zuzen jarraituko dugu San Andreserantz. Bide horri jarraituko diogu, baserri batzuk daude eta, gorantz eginez, San Andres ermita ikusiko dugu. Aurrera segituko dugu eta, baserri baten ondoan, 2,5 Km-an gutxi gorabehera, bidea pista egiten da. Horri jarraituz, pinuen artean merendero batera iritsiko gara eta gora jarraituko dugu.

 

Laster, malda gogor bat aurkituko dugu harriz beteriko pista batera (3,5 Km) heldu arte. Pista horretatik Neberondora (4,5 Km) helduko gara. Iristean, antzinako elurtegia ikusiko dugu, baita merendero bat ere, paraje eder batean. Neberondon, ezkerrerantz hartuko dugu zuhaitz artetik, pista bat dago jaisteko. Hortik aurrera egingo dugu porlanezko bideraino. Bidegurutze horretan, ezkerretara joango gara Orozketarantz eta, aurrera jarraituz, lehen pasatutako merenderora (6,6 Km) iritsiko gara.

 

Bertan, bidegurutzean, ezkerretara hartuko dugu, bide hori gorabeheratsua da; horri
jarraituta, Santa Luziara (8,2 Km) helduko gara. Aurrera eginda, Landa Ederrera daraman pistara (9,4 Km) irtengo gara. Hor, eskumatara behera joko dugu, Orozketarantz. Behin Orozketa pasatuta, Durangora jaitsiko gaituen BI-4331 errepidetik segituko dugu. Durangon, San Roke kalea zeharkatu eta Ibaizabal Ikastolaraino joango gara.

 

Ikastola atzean utzita eta San Pedro Tabirako ermita behin gurutzatuta, eskumatara hartuko dugu bide aldapatsu batetik (16,6 Km); bide hau mahasti batzuen ondotik doa. Santikularreko antenetara igotzeko maldak oso gogorrak dira. Hurrengo bidegurutzean eskumako pistatik gora abiatuko gara. Ia kilometro batera, Antenetara helduko gara, 19. Km-an gutxi gora-behera. Antenetara heltzean, beherantz abiatuko gara asfaltozko bide batera heldu arte eta, eskumatara (19,6 Km) hartuko dugu, beherantz.

 

Bideari jarraituz, baserriak topatuko ditugu eta, 20. Km-an, horietako baserri biren artean dagoen bidexkatik sartuko gara eta, hortik, Mendiolara jaitsi. Mendiolako baserrietatik eskumatara dagoen bidea teknikoa da, hortik Atxartera jaitsiko gara. Hor, BI-4335 errepidea hartuko dugu Abadiñorantz. Baina jaisten hasten garenean, eskumatara (22,5 Km) doan lehenengo bidetik jo eta igotzen hasiko gara Sagastarantz.

 

Hor, (24 Km), iturria dago uraz hornitzeko. Sagastako bidegurutzetik eskumatara eginda, pixka bat gehiago igoko dugu eta, jaitsiera azkar baten ondoren, Axpera (25,9. Km) iritsiko gara. Axpen ezkerretara hartuko dugu, BI-4332 errepidera, Apatamonasteriora jaisteko. Hor ezkerretara egin eta BI-632 errepidearen parean dagoen bidexkatik jarraitu Abadiñoraino. Abadiñon bidegorria hartu eta Durangora iritsiko gara.

Oharra: Fisikoki gogorra bada ere, ez du teknika handirik eskatzen. Egokia da neguan egiteko, igoera eta jaitsiera asko baititu; jaitsierak ez dira oso luzeak, eta denak asfaltoan direnez, garbi samarra da. Ez dago seinaleztatuta.

35,78 km 2 h eta 30 min 826 m Gogorra
Jaitsitakoak: pdf kml
Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.
Ibilbidea
Interesatuko zaizulakoan