Oiztik Ikuspegia

Oiztik Ikuspegia
rating

Oiztik Ikuspegia

Ibilbide interesgarri honek Oiz mendira eramango gaitu. Bertatik, Durangaldeko panoramika ikusgarriaz goza dezakegu. Durangotik hasita dena da gorantz Losakanteretara heldu arte. Bertaraino, porlanezko bidea dago malda gogorrekin. Losakanteretatik Sarriara doan pista, nahiz eta tekniko samarra izan, bikaina da BTT zale amorratuentzat.

 

Ibilbidea Durangon hasiko dugu Andra Maria elizan. Hortik, Kurutziaga kaleko bidegorria hartuta, Zeharmendieta kaletik, San Fausto auzoa zeharkatu eta, Abadiñoko Astola auzorantz joango gara.

Abadiñoko futbol zelaira helduko gara eta Ibaizabal ibaia, gainetik, zubi txiki batetik zeharkatuz, BI-3323 errepidera aterako gara. Hor Traña-Matienarantz hartuko dugu. Baina 50 m egindakoan, eskumatara hartuta, hiru aukera izango ditugu. Guk erdikoa hartuko dugu, Lebario auzorantz.

 

Baserri artetik pasa ondoren, N-634 errepidera aterako gara eta Bilboranzko norabidea hartuko dugu. 300 m aurrerago, errepide hau utzi eta Markinara doan BI-633 errepidera sartuko gara. Errotonda batera iristean, Garairantz egingo dugu. Lehenengo aldapa gogor hori amaitu orduko, eskumatara joko dugu Sarria auzora daraman bidetik.

 

5,2. Km-a betetzean, ezkerrean dagoen pista aldapatsutik joko dugu eta, jarraian, eskumatara Errotetatik, etxe berri asko dauden toki batera iritsi arte. Hemen, ezkerretara egingo dugu eta bide horretatik igoko gara iaia Garaira heldu arte. 7,9. Km-an, iturri bat pasa ondoren, eskumatara doan pista txiki batetik abiatuko gara Garai ezker aldean, goian, utziz. 8. eta 10. Km-en arteko pista zatia polita da, baina teknikoa. 10. Km-an, Oizera daraman pistara aterako gara eta 15,4. Km-ra arte dena gorantz izango da.

 

Kontuz 14. Km-an, alde batera utziko dugu ezkerreko pista, Oizko San Kristobalera darama. Eta eskumako pistatik segituko dugu 15,4. Km-ra arte. Hemen, Losakanteretan, pista nagusia utzi eta eskumako pista txikia hartuko dugu. Kontuz 16,6 Km-an, ezkerreko pistatik abiatu behar dugu-eta, jarraian eskumakotik. Ondoren, dena beherantz egingo dugu Sarriako bidera irten arte. Hor, ezkerrerantz, beherantz egingo dugu igo garen bide beretik; 20,5. Km-an aurrerantz egingo dugu, aldapa gogor eta motz bat igoz. Ondoren, 21,1. Km-an eskumatara hartuko dugu Ereña auzorantz.

 

Behin Ereña gurutzatuta, BI-633 errepidea hartuko dugu eskumatara, Durangorantz. Jarraian, 24. Km-an, N-634 errepidetik abiatuko gara Durangorantz.

Oharra: Fisikoa baino teknikoagoa da (Losakanteretatik duen jaitsiera dela-eta). Losakanteretako jaitsierak teknika pixka bat eskatzen du, baina benetan da ederra. Ibilbidea ez dago seinaleztatuta.

26 km 1 h eta 45 min 731 m Tartekoa
Jaitsitakoak: pdf kml trk
Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.
Ibilbidea