Atxondon Zehar

Atxondon Zehar
rating

Atxondon Zehar

Ibilbide honek Axpeko inguru natural ikusgarrira hurbiltzen gaitu eta paisaia paregabe honekin gozatzeko aukera ematen digu.

 

Ibilbidea Durangon hasiko dugu. Uribarriko Andra Maria Basilikatik abiatuta, Ibaizabal  Ikastolaraino joango gara.

 

Hor, Ikastola atzean utziz, aldapa gogor bat igoko dugu Artasola auzorantz. Jarraian (2,2 Km), eskumatara hartuko dugu BI-632arekin paralelo doan bide estu batetik. Abadiñoko txaletetara helduko gara eta, horiek goialdetik zeharkatu, lantegi batera (3,8 Km) iritsi eta gorantz hartuko dugu erromatar bidetik. Horri jarraituz, Mendiolako bidea (4,5 Km) topatuko dugu.

 

Hortik eskumatara, gorantz joko dugu. BI-4335 errepidetik Mendiola pasatu eta hurrengo bidegurutzean, ezkerretara hartuko dugu Sagastarantz, eta igotzen hasiko gara. Sagastan iturria dago, ura hartzeko aukera. Sagastako bidegurutzetik, eskumako pistatik, gora egingo dugu 9,3. Km-raino. Jarraian, jaitsiera azkar eta arriskutsua dago Axpera iristeko. Axpen, frontoi ondotik, eskumako pistatik joko dugu Arrazolarantz. Beheko errepidera iristean, eskumatara hartuko dugu eta Arrazolaraino igoko gara (bidea amaitu arte).

 

Ondoren, bide beretik jaitsiko gara Apatamonasterioraino. Aurrerago, bidegurutzera heltzean, eskumatara egingo dugu BI-632 errepidetik Elorriorantz, baina 200 m-ra errepide nagusi hori utzi eta ezkerrerantz egingo dugu autoak desegiteko leku baten albotik. Pista hau 19,8. Km-an hartuko dugu eta ia bi kilometro gorantz egin behar dugu (aldapa gogorrenak hasierakoak dira).

 

Kontuz, 21. km-ra iritsi orduko, ezkerreko pistatik gora hartu behar dugu. 21,7. Km-an beherantz egingo dugu, ia 24. Km-raino. Hor, Gaztelura daraman bidera irtengo gara.

 

Gorantz egingo dugu pista horretatik Gaztelura heldu arte. Hortik aurrera dena da beherantz asfaltozko bidetik. Jaitsiera hori bukatzean, BI-3323 errepidearekin bat egingo dugu. Jarraian, ezkerretara egin metro gutxi batzuk eta, ondoren, eskumatara dagoen zubitxotik Abadiñoko futbol zelaira helduko gara. Hor, eskumatara dagoen bidegorritik Durangora helduko gara.

Oharra: Ez da oso gogorra ez teknikoki ez fisikoki. Horregatik, egokia da hasiberrientzako, eta nahieran egokitu daiteke: laburtu, luzetu, etab. Ibilbide hau ez dago seinaleztatuta.

30 km 2 h eta 15 min 493 m Tartekoa
Jaitsitakoak: pdf kml trk
Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.
Ibilbidea