XV. mende bukaeran dagoeneko deskribatu zuten Uribarriko Andra Mariaren basilika, Isabel Erregina Katolikoak Durangora egindako bisitaren kronikan. Monumentu nazionaltzat jo da, eta Euskal Herriko obrarik apartenetakoa da.
Haren portiko ederra nabarmentzen da, Euskal Herriko handiena. Baina barnealdeak ere merezi du geldialditxo bat.
Aldare nagusiko erretaula estilo erromanistakoa da. Artelan hori Martin Ruíz de Zubiate maisuak egin zuen, Anchietaren ikasleak, eta Bizkaian ditugun adibide ederrenetarikoa da.
Erdiko apainduretan babestuta dago Uribarriko Andra Mariaren taila, Durangoko zaindariarena. Imajina hori gotiko berantiarrean egin zuten.
Aipagarria da, halaber, Errege-erregina Katolikoen estiloko korua, elizako jatorrizko elementurik zaharrena baita.