Pablo Pedro Astarloa
Pablo Pedro Astarloa euskal hizkuntzalari garrantzitsua izan zen. Durangon jaio zen 1752an.
Haren oroimenez egindako estatua Bernabé Garamendi eta Serafín Basterraren lana da, eta 1886an inauguratu zuten Ezkurdin –hasieran plaza hantxe ipini zuten, eta geroago lekuz aldatu zuten Pinondora–, Valentín Zubiaurre musikaria bertan zela, Hegoaldeko Lehenengo Euskal Jaien aitzakiaz.
Estatua Mañariko marmol beltzezko zutabe baten gainean dago, eta Bizkaian pertsona baten oroimenez eginiko lehenengo eskultura da.
Astarloa jauregia
Astarloa jauregia XVIII. mendean egin zuten, estilo barrokoari jarraituta. Pablo Pedro Astarloa filologoaren etxebizitza izan zen garai batean.
Sarbide zabal bat du, erdi-puntuko arku formakoa, eta 1773ko armarria du apaingarri.
Pinondo etxea
Zubiari erantsita dago Pinondo jauregi ederra, 1885ekoa. Eraikin horrek badu bitxitasun bat: egundo ez da etxebizitza izan.
Durangon geratzen den estilo neoklasikoko eraikin zibilik azpimarragarriena da, ezbairik gabe, baita hoberen burututakoa ere. Haren bao-sorta soila eta orekatua da.
Errekondo etxea
Erreka bazterrean, Errekondo etxea dago, Santanoste ezizenez ezaguna. Durangoko eraikinik zaharrenetakoa da, baina gaur egun erabat eraldatuta dago. Fatxadan hainbat leiho gotiko-errenazentista du.
Pinondoko gurutzea
XVI. mende bukaerako guruztokia da. Zutabearen gainean, Kristo gurutzean eta Errukiko Amaren imajina daude.
Pinondoko iturri monumentala
Lorategian, Juan Antonio Egurenek eginiko iturria dago, oinarri barroko italiarrekoa; lau arrain handi ditu, Juan Bautista Bengoetxea eskultoreak eginak, eta haien ahoei ura darie.
Honako idazki hau du: "Traída de aguas año 1864 - 8 Dic. 1926. Juan Antonio de Eguren, en 1864".
Gingko Biloba
160 urte inguruko sekuoia motzondo handi batek –1992an moztu zen– paraje horri izena eman zion pinua gogorarazten digu.
Gaur egun, ordea, badirudi haren protagonismoa beste zuhaitz mota batek hartu duela, hots, zubitik gertu dagoen gingko biloba batek.
Zedro urdina
Errepidearen bestaldean, zedro urdin handi bat dago, azken hamarkadan zikoina bikote baten habia bihurtu dena.
Orue jauregia
Jauregi hori XVII. mendekoa da, eta estilo klasizista du. Karlos errege-nahiaren gortea eta kuartel nagusia izan zen lehenengo karlistaldian, eta bigarrenean ere berebiziko lekua izan zen.
XX. mende hasieran birmoldatu zuten.
Palacio Etxe Zuria
Estilo eklektikoko jauregi hori Ampuero familiak eraiki zuen XIX. mende bukaeran, XVI. mendeko jauregi baten lekuan.
Askotariko gustu eta jatorriko apaindurak nabarmentzen dira (neoplatereskoak, neoerrenazentistak, neobarrokoak, neobizantiarrak, etab.). Fatxadan XVIII. mendeko armarri bat berrerabili dute.
Urkatuaren etxea
Pinondon gaudela, jendartean "urkatuaren etxea" esaten zaion eraikina ikus daiteke muinoaren gainaldean.
Gran Hotel Durango Jauregia
Pinondo eta Tabira bitartean, Urkiolarako bidean, Gran Hotel Durango dago, Ignacio Mª Smith arkitektoak 1919an egindako jauregia. Estilo erregionalistakoa da, eta cottage ingelesen eragina du.
Legoa-mugarria
Gran Hotel Durango jauregiaren parean, Laubideta kaleko errotondan, mugarri batek Durangotik Otxandiora eta Bilbora zenbat legoa dauden adierazten du.
Laubidetak lau bide esan nahi du, eta bidaiariak lau bide har zitzakeen bidegurutzeari zor dio izena. Legoa-mugarriak honako hau dio: "Camino abierto en el año de 1784".