Urkiola Inguruan

Urkiola Inguruan
BTT Ibilbidea: Urkiola inguruan
rating

Urkiola Inguruan

Ibilbide honek Urkiolako Parke Naturalera hurbilduko gaitu. Denbora askorik ez dugunerako aproposa da Txakurzuloraino baino ez gaituelako eramaten. Txakurzulotik Mañarira garamatzan pista, nahiz eta apurtxo bat teknikoa izan, oso polita da.


Durangoko Andra Mari Basilikatik abiatuta Ibaizabal Ikastolaraino joango gara. Hor,
Ikastola atzean utziz, aldapa gogor bat igoko dugu Artazola auzorantz.

 

Jarraian (2,2 Km), eskumatara hartuko dugu BI-632arekin paralelo doan bide estu batetik. Abadiñoko txaletetara helduko gara eta,horiek goialdetik zeharkatu, lantegi batera (3,8 Km) iritsi eta gorantz hartuko dugu erromatar bidetik. Horri jarraituz, Mendiolako bidea (4,5 Km) topatuko dugu. Hor, eskumatara, gorantz hartuko dugu eta Mendiolara iristean, aurrera egingo dugu; ezkerretara utziko dugu Sagasta auzorantz doan bidea. Gutxira, Atxarteko harrobietara iritsiko gara (7,2 Km).

 

Zuzen garamatzan pista hartu, bertatik zubi bat pasatu eta malda laburra bezain gogorra igoko dugu. Jarraian, aldapa txikia duen basopista batean sartuko gara, baserri batera daraman pista eskumatara utziz. Ondoren, eskumatara bihurgunea dago eta ezkerretara baserri bi. Maldak pixkanaka gogortzen doaz eta ezkerretara utziko dugu Asuntzara (Pol-Pol) zuzenean garamatzan bidea. Igoera, 180º dituen bihurgune batean amaitzen da, 10,5. Km-an, gutxi gorabehera. Azken malda horretan iturri bat dago. Hortik aurrera zati erosoa da eta Anboto, Alluitz eta Aitxiki mendien bistak ikusteko aukera paregabea izango dugu.

 

Txakurzulora helduko gara (12,8 Km). Hor, errepidera iritsi baino 100 m lehenago,
eskumatara, jaitsiera aldapatsua duen bide bat dago. Bide horrek ere BI-623 errepidera eramango gaitu. Metro batzuk aurrerago (15,3 Km), errepidea utzi eta eskumatara sartuko gara. Bertan, hesi bat dugu, beraz, bizikletatik jaitsi eta makurtuta igaro beharko dugu.

 

Hortik aurrera igotzen segituko dugu mendi pistari jarraituz. 15,5. Km-an igoera bukatuko da eta jaisten hasiko gara. 17. Km-an bidegurutze bat aurkituko dugu eta eskumatara hartu beharko dugu, beherantz. Ia 18. Km-an asfaltozko errepide batera irtengo gara. Metro gutxi batzuk ezkerretara egin eta eskumako bidetxoa hartuko dugu, berriz ere. Dena beherantz, 200 m-ra beste bidegurutze bat aurkitzean, beherantz zuzen doan bidetik joko dugu. 18,8. Km-an BI-623 errepidearekin bat egingo dugu.

 

Errepide horretatik jarraituta, lehenengo Mañaria eta gero Izurtza zeharkatuko ditugu. 22. Km-an dagoen errotondara iristean, eskumatara egingo dugu errepidea ekiditeko eta Tabirara sartzeko. Segituan iritsiko gara Durangora.
 

Oharra: Oso egokia da denboraz estu gabiltzanerako. Ibilbide hau ez dago seinaleztatuta.

24,50 km 2 h eta 30 min 760 m Gogorra
Jaitsitakoak: pdf kml trk
Batez bestekoa (0 Botoak)
Batazbesteko balorazioa 0.0 izar, guztira 5.
Ibilbidea
Interesatuko zaizulakoan