Urkiolako Parke Naturala Durangotik 8 km-ra dago. Inguru ederra da benetan, geografiari eta paisaiari dagokionez interes handikoa.
Urkiolak urkien ola edo urkidia esan nahi du. Paisaia paregabez inguratuta, besteak beste, kareharrizko gailur malkartsuak, larreak eta basoak, Urkiola beti izan da erromesbidea eta jomuga natura eta aterpe bila datozenentzat.
Urkiolako gailurrek mendi eta ibilaldien zaleak erakartzen dituzte; Anbotok adibidez, inguruko mendirik altuena izanda, makinatxo bat bisitari hartzen ditu urtero-urtero. Hala ere, oso ausarta izan behar da ipar horman dagoen Mariren kobazuloan sartzeko. Izan ere, euskal mitologiaren arabera, Anbotoko Dama ren bizilekua da.
Abiagunea Durangon duten ibilbide ugari daude, oinez egitekoak zein BTT ibilbideak (mendi-bizikletaz egitekoak), Durangaldean zeharrekoak zein Urkiolako Parke Naturalean gomendaturikoak, esaterako, GR eta PR ibilbideak, izaera didaktikoa dutenak edota parkeko ibilbide espezifikoak. Azken horien inguruko azalpenak liburuxketan jaso dira, eta liburuxka horiek eskuragarri daude Toki Alain, Parkeko Interpretazio Zentroan.
Urkiolako gainean, Antonio santuen santutegia dago, pagadiz, lizardiz eta urkidiz inguratuta. Bertan, San Antonio Abad eta San Antonio Paduakoa gurtzen dira: lehenengoa animalien zaindaria da, eta urtarrilaren 17an ospatzen da haren eguna; bigarrenak, berriz, ekainaren 13an du jaia.
Beste toki interesgarri batzuk ere badaude Santutegiaren inguruan.
Astxiki eta Untzillatxeko pareta malkartsuak ezin aproposagoak dira eskalatzeko. Hala bada, Atxarte eskolan hamaika aukera eskaintzen dituzte ibilbideak egiteko edota eskalatzeko.