Intxaurrondo

Intxaurrondo
Intxaurrondo
Intxaurrondo
rating
bag

Intxaurrondo

Izenak berak adierazten duenez, intxaurrondoa intxaurrak ematen dituen arbola da.

 

Uriko sarbideak izen hori hartzen zuen, Intxaurrondo, edo bestela, San Martin. Gaur egun ere, kantoiaren izena azken horren ildo beretik doa: "Sanmartinpe Portalea".


Intxaurrondo errebal itzaltsua eta herrikoia zen, etxe estu eta luzeduna, eta baserri-izaerakoa.

 

Kalebarrian Udal Biblioteka dago; kale erdian, berriz, Zeharkalek eta Komentukalek sortzen duten kantoian, Errukiko Amaren imajina erromanista dago, horma-hobi batean.

Komentukalek, edo, "Calle Conventos", izen hori hartu zuen bertan bi komentu daudelako: Santa Susana eta San Francisco.

 

Azken horren parean, Balbino Garitaonaindia plazan, hainbat elementu bereizten dira, adibidez, Zezenak Dira eskultura, Intxaurre baserria, edota Lejarza jauregiaren atzealdea, fatxada nagusiak Santa Ana plazarantz jo du-eta.

Udal Biblioteka

Kalebarritik zein Komentukaletik ditu sarbideak. Eraikina lehen letren eskola izan zen antzina.

Eraikin neoklasikoa da, soil-soila. Martin Echaburuk diseinatu zuen 1826an mutilen eskola izan zedin, eta lau urte geroago egokitu egin zuten, neskek ere bertara joaterik izan zezaten. Ordura arte, udaletxeko kapitulu-gelan ematen ziren eskolak, horrek zekartzan traba eta eragozpen guztiekin.

2009an berriztatu eta handitu egin zuten, Udal Biblioteka berria eta Udal Artxiboa hartzeko, hau da, Erdi Aroko dokumentazioa, XVI. mendeko akta- eta kontu-liburuak, memorialak (instantziak eta eskariak), etab. gordetzen dituen artxibategia.

Informazio erabilgarria

 

Errukiko Ama

Antzina inguru horretan zegoen Errukiko Ama portalearen goialdean zegoen XVI. mendeko imajina hori, eta Uriaren sarbide hartatik geratzen den arrasto bakarra da.

 

Santa Susana komentua

Santa Susana komentua 1586an sortu zuten moja agustindar batzuek. Durangoko bonbardaketan txikitu egin zuten, eta gerrostean berriro eraiki zuten.

Elementu zahar batzuk ditu oraindik ere, esaterako, hiru arkudurako fatxadan dagoen zutabedun ataripea, zutabe biren artean Santa Susanaren imajina gorde duen horma-hobia, eta portalearen ardatzean dagoen kanpai-horma.

 

San Francisco monasterioa

Antzinako dokumentuetan San Antonio gisa ere ageri da, eta hiribilduko komenturik zaharrena da. Frantziskotarrek Bizkaian sortu zuten lehenengo fundazioa izan zen.

1439an sortu zuten komentua, baina XVI. mendera arte ez zuten klausurarik egin. Antza denez, Santa Anaren atzealdean zegoen.

Elizaren portalea eta dorrea XIX. mende bukaeran eraiki zituen Martín Guridi Garamendik, eta Bizkaiko neoerromanikoaren errebibalismoaren adibide interesgarria da.

 

Zezenak dira

Eskultura honek Durangoko usadio zaharrenetarikoa islatzen du, 400 urtetik gorako historia duena. Gaur egun, Zezenak dira edo sokamuturra San Fausto jaietan egiten da, urriaren 13aren bueltan. Alde zaharrean bigantxa bat askatzen dute, lepotik soka batez eutsita, eta Santa Ana plazaraino iritsi behar da.

 

Intxaurre baserria

Balbino Garitaonandia plazan XVII. mendeko eraikin azpimarragarri bat dago, baserri-arkitektura eta hirikoa uztartzen dituena. Estilo hori sarritan erabili izan zuten errebaletan eta hiribilduetako herrigunetik hur zeuden eremuetan.

Callejero