Ezkurdi Plaza

Ezkurdi Plaza
Ezkurdi Plaza
Ezkurdi Plaza
Ezkurdi Plaza
rating
bag

Ezkurdi Plaza

Ezkurdi plaza egungo Durangoren bihotza da.

 

1882an trenbidea eraikitzean, plaza horretan bizimodu soziala eta jai-giroa piztu ziren.

 

Frontoi irekia ere bazeukan, eta horrek guztiak tabernak, kafetegiak eta hotelak bertara erakarri zituen. XIX. mende bukaeraz geroztik, Durangoko burgesiak bertan eraiki zituen eraikin historizistak eta erregionalistak, hain zuzen, Zumalakarregi kalean.

 

Musika kioskoak, zuhaiztiak, iturriak eta eskulturek aisialdirako, paseorako eta elkargunerako leku bilakatu dute.

 

Bertan dago Frai Juan Zumarragaren oroigarria ere, Mexikoko lehenengo apezpikua eta artzapezpikua izandako durangarrarena.

 

Durangoko frontoia k Ezkurditik du sarbidea, baita oraintsu irekitako Euskotrenen geltokiak ere. Horrez gain, ezin ditugu ahaztu bertako erakusketa aretoa, berdegunea eta haurrentzako parkea.
 

60ko hamarkada bukaeran, Fullaondo (1936-1994) eta Olabarria (1939) arkitektoek plaza hori trazatu zuten, eta gaur egun eraldatuta egon arren, multzo abangoardista haren diseinua hauteman daiteke oraindino. Izaera bereziko ingurua da, eta horregatik lortu zuen Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak ematen duen Pedro de Asúa Saria 1970-71n.

 

Zumalakarregi kalea

Kale horretan aipatzekoa da Teodoro Arocenaren etxea, Mario Caminok eta Diego Basterrak 1922an eraikitakoa. Haren fatxadan, Erdi Aroko gerlariak, Errenazimentuko loggiak eta leiho poligonal ingeles bat daude nahasturik.

Haren ezkerraldean badago beste etxe bat, bi isurkiko estalkia duena. Garai bertsuan egin zuen Pedro Guimónek, euskal baserria goretsi zuen arkitektoak.

Hurrengo etxea Casto Zabalak egin zuen, hots, Gorbeako lehenengo gurutzearen egileak. Haren begiratokiak nabarmentzen dira, bizimodu burgesaren adierazgarri.

 

Musika kioskoa

Duela hamarkada askotatik Ezkurdin egiten diren dantzaldien topalekua eta Durangoko Tabira Musika Bandaren eszenatokia da, besteak beste. 1902an eraiki zuten.

 

Ezkurdiko iturri monumentala

Iturri neobarrokoa da, eta 1864an ura ekarri zutela oroitzeko inskripzio bat du.

 

Juego de Pelota eskultura

"Juego de Pelota" Ezkurdiko plaza egin zuten arkitekto berberek 1970ean egindako eskultura da. Frontoiarekin du lotura, eta Jorge Oteizaren (1908-2003) pare mugikorra hartzen du oinarri.

 

Ligni Mundus

Harrizko eskultura da, eta VI. Basozaintza Biltzarra irudikatzen du, mundu mailan azkena izan zena, 1966an.

 

Frai Juan Zumarraga

Durangon jaio zen 1475ean edo 1476an.

Zumarraga izan zen Mexikoko lehenengo apezpiku kontsakratua, eta 1533an izendatu zuten. Gerora, Mexikoko elizbarrutia metropoli-egoitza izendatu zuten 1546ko uztailaren 8an, eta bertako lehenengo artzapezpikua Zumarraga izan zen. Urte bi geroago hil zen, 1548ko ekainaren 3an. 1530ean, Mexikora eraman zuen indioen esklabutza debekatzen zuen eta zergak txikitzeko neurriak ezartzen zituen zedularen berrespena.

Halaber, inprenta eraman zuen Amerikara XVI. mendean (1539an).

 

Ezkurdi Jai Alai frontoia

Ezkurdiko arkupeen sarreran, plaka bat dago horman, antzinako frontoiaren ezkerreko paretaren azken errematea gogorarazten duena.

Egungo Ezkurdi Jai Alai frontoia estalpean dago, eta bertan, nagusi dira zesta-puntako partiduak. 50 urtetik gora du, eta 700 lagun sartzen dira bertan.

 

Erakusketa aretoa

Areto horrek erakusketa tematikoak zein Durangaldeko artisten lanak hartzen ditu, Durangaldeko Arte Elkartearen lankidetzari esker.

Bestetik, Eskolarteko Lehiaketan parte hartzen duten ikasleen lanak ere bildu ohi ditu.

Aretoak 115 metro karratuko azalera du.

Batez bestekoa (1 Bozkatu)
Batazbesteko balorazioa 2.0 izar, guztira 5.
Callejero