Durangoko herrigune historikoa monumentu-multzo izendatu zuten 1997ko urtarrilaren 14an. Bertako kaleetatik ibiltzean, bisitariak Erdi Aroko Uriarekin egingo du topo, eta 700 urtetik gorako elementuen bidez, historian atzera egingo du.
Durangon zehar makinatxo bat eraikin eta jauregi daude, besteak beste Lariz dorre enigmatiko eta sendoa, Uribarriko Andra Mariaren basilika, Santa Ana eliza eta arkua, Tabirako San Pedro eliza kuttuna, Mikeldiko idoloa, edota Kurutziagako gurutzea, monumentu berdingabea Europan.
Durangok marka berria du: Juan Itziar kaligrafo durangarraren XVI. mendeko idatzietan aurkitutako "d" bat hartu da Uriaren ikur gisa, eta harekin batera eslogan bat, Durango gustura, a tu gusto. Izan ere, Durango edonoren gustuko herria da, edozein une eta abagunetan gustura ibiltzekoa.